Ataria guneak
Natura ezagutzeko espazioak
Ataria doako espazio bat da, publiko guztientzat irisgarria. Hezeguneen garrantzi ekologikoa, biodibertsitatea eta Gasteizko udalerriaren aberastasun naturala erakustea du helburu.
Zentroak askotariko baliabide didaktikoak eskaintzen ditu familientzat, eskola-taldeentzat eta adin guztietako pertsonentzat.
Behatokia
Eraikinaren elementurik bereziena da. Behatokian, urmaelen eta Gasteizko mendien ikuspegi pribilegiatua izango duzu, eta urtean zehar Salburutik igarotzen diren uretako hegazti-espezieak ikusi ahal izango dituzu.
Gehiago irakurri
Hurbil zaitez Ataria inguratzen duen urmaelera, eta begietsi gertu-gertutik hango bizia. Gure eskualdeko barrualdeko hezeguneetan bizi diren izaki bizidunak ezagutuko dituzu.
Erakusketa iraunkorra
Ezagutu hezeguneak bost zentzumenen bidez. Esperientzia interaktibo bat da, eta, beraren bidez, aukera izango duzu jakiteko nola funtzionatzen duten ekosistema horiek, zer bilakaera historiko izan duen Salburuko parkeak, zergatik diren ekosistema bakanak eta zer zerbitzu ematen dioten gizarteari.
Aldi baterako erakusketak
Biodibertsitateari eta natura-ondareari buruzko erakusketak, hainbat autorek, kolektibok eta entitatek eginak. Kontsultatu agenda.
Gehiago irakurri
Aretoa pertsonen edo kolektiboen eskura dago.
Zure lana hemen erakutsi nahi baduzu, aukera duzu zure proiektua aurkezteko. Beharrezkoa izanez gero, hautatutako erakusketek Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren (CEA) laguntza ekonomikoa izango dute produkziorako.
Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: ataria.koordinatzailea@vitoria-gasteiz.org
Isiltasun gunea
Arratsaldearekin, naturaren hotsen unea iristen da, haiek inguratzen dute gunea. Isiltasun-aretoa, orduan, leku pribilegiatua bihurtzen da hezeguneko hots-paisaiarekin bat egiteko.
Gehiago irakurri
Ostegunetan, arratsaldero, Ixileku elkartearen eskutik, Ataria bizipen-espazio bihurtzen da, non isiltasuna norberaren buruarekin eta naturarekin konektatzeko tresna gisa esperimentatzen den. Kontsultatu agenda.
Biodibertsitateari, natura-ondareari eta hezeguneei buruzko irakurgaiak ere aurkituko dituzu.
Haurren gunea
Zuhaitz-txirrista batean irrista zaitezke kolore anitzeko boladun igerileku bateraino, eta, han, jokoa barrez, mugimenduz eta ustekabez betetzen da. Oinetakoak utzi besterik ez da egin behar... eta eraman zaitzaten utzi.
Gehiago irakurri
Aurki ezazu, oso hurbil, Lantegi Gela. Sormenerako txoko bat da, eta margoak eta ekaiak izango dituzu han, irudikatzeko, esperimentatzeko eta sortuz ikasteko. Eta, hori guztia, hezegunea ageri-agerian duzula beirate handi batean zehar.
Ekitaldi-aretoa
Ezagutza partekatzeko eta ideiak trukatzeko gune bat da. Ingurumenari buruzko topaketak, hitzaldiak edo aurkezpenak izan ohi dira bertan.
Gehiago irakurri
Badu sistema bat proiekzioetarako, soinurako, aldibereko itzulpenetarako eta streaming bidezko emanaldietarako.
Kolektibo eta entitate interesdunek balia dezakete, aldez aurretik eskatuta. Gunea lagatzea nahi baduzu, bete inprimakia eta bidali helbide honetara: ataria.koordinatzailea@vitoria-gasteiz.org
Tximeleta-oasia
Tximeleta-oasia lorategi bat da, bizia gainezka duena, zeinak egoitza eta elikagaia eskaintzen baitie tximeletei eta beste polinizatzaile batzuei.
Intsektuen mundu zoragarria behatzeko, hari buruz ikasteko eta gozatzeko diseinatuta dago: hain funtsezkoak baitira naturan, polinizatzaile-eginkizuna betetzen dutelarik.
Gehiago irakurri
Makaon tximeleta, colias arrunta edo tximeleta sertorioa ikusiko dituzu, besteak beste:
Tximeleten oasia kontserbazio-ekimen bat da, Zerinthia elkarteak eta Ekosistemak Aztertu eta Kontserbatzeko Iberiar Elkarteak (SIECE) bultzatua, Ingurumen Gaietarako Ikastegiarekin (CEA) lankidetzan. Salburuko hiri-ingurunean biodibertsitatea handitzea du helburu.
Erreferentzia gisa balio du, edonor izan dadin gauza bere tximeleta-oasia sortzeko eta altxor hegaldun txiki horiek kontserbatzen laguntzeko. Saiatu nahi duzu?
Eguzki-erlojua
Erloju analematiko bat eguzki-erloju interaktibo bat da, zeinean behatzailea mekanismoaren parte bihurtzen baita.
Gehiago irakurri
Erdian, pertsona bat, gnomonarena egingo duena, data-lerroaren gainean kokatzen da, uneko hilabeteari dagokion markan, eta bere itzala proiektatzen du eguzki-ordu lokala adierazten duen elipsearen gainean.
Ezin hobea da egun eguzkitsuetan gozatzeko.
Kafetegia
Leku bat naturan, zaporedun geldialdi batez gozatzeko, non bertako kalitatea eta produktua diren protagonista.
Gainera, bizikleta elektrikoak ere aloka ditzakezu zure bisita antolatzeko.